Dagoeneko 5 aste igaro dira bidaia hau hasi nuenetik ... eta esan beharra daukat asko kostatzen zaidala bidai honetan izaten ari naizen sentimendu eta emozioak azaltzea.
Magisteritzako karrera egiten hasi nintzenean, Hezkuntzari buruzko ikuspegi bakarra nuela: hezkuntza beti eskolarekin lotzen nuen, eta besterik ez. Lehenengo 3 hilekoan, Hezkuntzaren Teoria eta Historia ikasgaia landu genuen eta bertan Kaiera moduko bat egin genuen. Kaiera hori Hezkuntzaren inguruko eguneroko bat izan zen; hezkuntza motak, Euskal Herriko Hezkuntza, Espainiakoa ... eta lan horri esker, zeharo aldatu zitzaidan Hezkuntzaz nuen ikuspegia. Ohartu nintzen uste nuena baino askoz konplexuagoa dela.
Orain, Didaktika ikasgaiarekin erabat lotua dagoela iruditzen zait.
Garbi geratu zait gaur egun heziketa egokia ez dela ezaguerak soilik biltzen dituen heziketa (lehen egiten zen moduan), honekin ez baita nahikoa. Gaur egun, ezaguera berriak jarraian sortzen dira eta gure buruak ezin ditu denak jaso. Gainera, egun gizakiaren autonomia, gaitasunak, ezagutzak … bultzatu nahi dira. Beraz, ezaguera soilik jasotzearen kontzeptua zaharkituta geratu da pertsona eta bere prozesu guztia kontuan hartzen ez duelako. Horregatik, heziketa sistema aldatu beharra dagoela iruditzen zait, irakasleek oinarrizkotzat dituzten ezaguera horiek kokatzen, zabaltzen, eguneratzen... lagunduko dietenak.
Heziketa, pertsona bakoitzak duen garapen eta hobetze prozesua da nire aburuz, besteekiko duen elkarreraginarekin, norberaren buruzagitza errazten duena; gizarte eta kulturarekiko konpromiso kritiko, gogotsu eta arduraduna hartzen lagunduko diona. Prozesu hori, bizitza osoan emango da eta pertsonak garatu beharreko atal guztiak landuko dira bertan: adimena, afektibitatea, fisikoa, soziala, morala …
Beraz, esan dezaket, aurrez aipatu dudana, nire hezkuntza eredu propioa eraikitzeko buruan dabilkidan ideia dela. Hala ere, ideia hori gehiago sakondu edo zehaztu nahiko nuke. Horretarako, 4 urte hauetaz baliatuko naiz, ea nire hezkuntza eredu hori sortzea edo eraikitzea lortzen dudan!
Bestalde, lehengo batean neutralitateaz eta objektibitateaz hitz egiten aritu ginen eta oso interesgarria egin zitzaidan, eztabaida asko izan baikenituen aztertu genituen egoera ezberdinen aurrean irakasleak nola jokatu behar duen aztertzerakoan. Guztiok dugu geure iritziak emateko eskubidea baina irakasle izaterako garaian ahalik eta objektiboen izan behar dugula ohartu naiz. Ezin dugu beti geure iritzia soilik eman ikasleena kontuan izan gabe. Izan ere, aurrez aipatu dugun moduan, ikasleak kritikoak izatea nahi dugu eta horretarako, beraiei ere iritzia ematen utzi behar zaie eta beraien iritziak ere onartu behar ditugu gustatu ala ez. Horrez gain, objektiboak izan behar badugu gai baten inguruko alderdi guztiak azaldu behar zaizkie ikasleei eta ez soilik irakasleari komeni zaiona. Geure irakasle postura gorde behar dugu, nahi edo ez.
Martxoak 8, Didaktikako klasean ginela, irakasleak kezka handia sortzen didan gai baten edo batzuen inguruan hitz egiteko aukera eman zigun. DBH, 3 urtetara murriztu nahi dute eta Batxilergoa, berriz, 3 urtetara luzatu. Horrez gain, duela gutxi, oposaketetara aurkeztu nahi zuten milaka pertsonei gaitegia aldatu zieten. Hori zertarako? Dirudienez, jende gutxiagok gainditzea da helburua, lanpostu gutxi dagoelako. Besterik ez zait bururatzen behintzat.
Baina kezka handiena sortzen didana zera da: magisteritzako karrera honen azken urtean egingo dugun espezializazioak zerbaitetarako balioko digun edo ez. Ez dakigu karreraren amaieran zeintzuk izango diren gure aukerak ...
Aurrekoarekin jarraituz, lehen esaten zuten, Haur Hezkuntza ikasten zuenak Lehen Hezkuntzan ere klaseak eman ahal izango zituela. Orain, hori ere zalantzan dago, guztiz ezeztatu ez badute behintzat. Ez dakit.
Haur Hezkuntzako karrera ere, 3 urtetik 4 urtetara luzatu dute. Hala ere, beste urtebete ikasten jarraitzeko aukera ematen digute, geure kezkak, arazoak, zalantzak ... gehiago argitzeko aukera.
Azkeneko klasean, programazioarekin hasi ginen. Hasiera batean, nahiko zaila iruditu zitzaidan (luzea) baina badakit oso erabilgarria izango zaigula etorkizun batean. Niretzako berria da programazio bat egitea, eta horrek jakin mina ere sortzen dit aldi berean. Programazioa irakasle jardueran lagungarri izango zaigun argibidea dela iruditzen zait; horrela, irakaskuntzan aritzean, bidea erraztuko digu eta ez gara batetik bestera ibiliko, zer egin edo nondik jo jakin gabe. Hala ere, ez dugu ahaztu behar gure helburuetako bat haurren beharrei erreparatzea eta behar izanez gero, ahalik eta ondoen erantzutea dela. Era berean, programazioa egitean, bere funtzioak ... zeintzuk diren ezagutuko ditut eta horrek, etorkizun batean programazioa bat eraikitzeko hainbat ideia hartzen lagunduko didala pentsatzen dut, helburu, eduki ... ezberdinekin.
Martxoak 7, Pedro Maria Otaño ikastetxea bisitatzera joan ginen ni eta nire 2 taldekide. Bertako koordinatzaileak ikastetxea Ikas Komunitate bat zela aipatu zigun eta horrek arreta piztu zidan; izan ere, etorkizun batean, nik ere Ikas Komunitatea den eskola batean lan egin nahiko nuke edo lan egingo dudan ikastetxean horretan hori bultzatu nahiko nuke.
Lehenengo hiruhilekoan, Ramon Flechak azaldutako "Eskola inklusiboa"ren inguruko bideotxo bat ikusi nuen eta oso interesgarria egin zitzaidan. Flecharen iritziz, parte hartzea eta kolaborazioa beharrezkoa da mota horretako eskola bat eraikitzeko. Maila altuko ikasketak lortzeko, ikasle horiek elkarrekintza sozialetik ikasi behar dute, komunitateko pertsona guztiekin arituz.
Berak dioen moduan, gurasoen eta eskolaren artean zatiketa bat dagoela esaten da gurasoek ez dakitelako bere haurrak jasotzen duen hezkuntza (zer ikasten duen … ) nolakoa den … Gainera, familiek heziketa kontuak gehiegi jarrita dituzte irakasleengan. Baina, eskolak bakarrik ezin du haur bat edo haur talde bat hezi, beste zatia familiak egin behar du. Nahiz eta irakasleei iruditu familiak ez duela nahikoa egiten, familiak ere gauza bera pentsatzen du eskolaz eta batzuetan, familiak beldurra dio eskolari eta alderantziz. Beldur horrek, defentsan jartzen ditu familiak , irakasleak, eskola … Hori guztia gainditzeko bidea, beraz, kolaborazioa, parte hartzea (gaur egun gurasoek eskolak garbitzen dituzte, erabakiak hartu … ), elkarlana … izango litzateke.
Eskola inklusiboaren kontzeptu hau, gaur egun, hezkuntza sistema guztiek lortu nahi dutena da. Honek haurraren hazteko eta kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko eskubideak bermatzen ditu, beti ere berdintasunean eta dibertsitatean oinarrituta. Dibertsitate hori, ikasleek dituzten kultura, gaitasun, behar, jokabide edota ikaste prozesu desberdinetan oinarritzen da. Horrela, hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonei laguntza berezia ematearen ideia baztertu egiten da. Horrez gain, lan egiteko modurik hoberena, talde lana izango da. Horrela, ezagutzak, gaitasunak, esperientziak … trukatuko dituzte.
Bestalde, ikastetxe hauek programa bat edukiko dute ezarrita eta bertan idatzita egongo da lortu nahi dituzten helburuak, jarraitu beharreko prozesuak eta errekurtsoak (gizakiarenak, materialak eta ekonomikoak) zeintzuk izango diren. Horretarako, eskolak zuzendaritza bat izan beharko du eta eremu pertsonala, ekonomikoa, administrazioa eta hezkuntza eremua kudeatu beharko ditu. Horrez gain, eskolako zuzendaritzak profesionaltasunera bideratu behar ditu ikasleak eta formazio eta laguntza bat izan beharko dute hezkuntza administrazioaren aldetik.
Ikasleen formazioa praktikaren hausnarketan oinarritu behar da soilik eta irakasleek proiektu berritzaileak ezarri behar dituzte beren ikastetxeetan. Proiektu horien helburua metodologia aktibo ezberdinen praktiketan aurreratzea izango litzateke; horrela, haurraren garapena bultzatuko da eta konpetentzia ezberdinak bereganatuko ditu, ikaskuntza ezberdinak eta ezagutzen arteko erlazioak barneratuz.
Ikaslearen eginkizunak kontuan hartutan, baditu hainbat eginkizun proiektu berriaren baitan sartzen direnak nire ustez. Ikasleak prozesua eta bere betebeharrak aurrez planifikatu behar ditu, jarrera egoki bat hartu behar du eta bere ikasketan gogoa jarri behar du. Baliabide egokiak hedatu behar ditu eta jasotako ezaguera ezberdin eta berri guztiak erabili beharko ditu. Gainera, ikasitakoa beste arlotara zabaldu beharko du eta norberaren ikasketa autoerregulatzen jakin beharko du.
Irakasleak ere baditu bere egitekoak proiektu honen aurrean. Lehen aipatutako zereginez gain, alderdi onak eta helmugak aurretik kontuan izan behar ditu. Ikaslea bere ikasketetarako sentikorra bihurtzen ahalegindu behar du, hau da, ikaslea motibatu egin beharko du irakasgai horretara eta ikaslearen betebeharrak argi azaldu beharko ditu. Horrela, ikasleak ez du arazorik izango eginkizun horiek betetzerakoan. Horrez gain, ikasketaren autokontrolan eta pertsonalizatzean lagundu beharko du eta tutore, aholkulari eta gidariaren lanak bete beharko ditu. Azkenik, ezagueraren ulermena ere
landu beharko du eta horren burutzea eta eraldaketa bultzatu beharko ditu.
Orain, paper zorroari bistadatxo bat botatzen ari naizela, ohartu naiz oraindik ere ez dudala didaktika definitzeari edo ekin. Hasieran aipatu nuen, lehenengo aldia zela Didaktika izeneko ikasgaia izaten nuela eta orain, jada aste batzuk pasata eta berari buruzko informazioa bilatzen arituta, esan dezaket zertxobait gehiago dakidala gai horren inguruan.
Didaktika definitzerakoan, hezkuntzaren teknikak eta praktikak aztertu eta garatzen dituen pedagogiaren arloa dela esango genuke, pedagogiak emandako teoria eta helburuei jarraiki. Pedagogiak hezkuntza sistema oso moduan aztertzen duen arloa izanik, didaktikak zehaztu egiten ditu ikasketa- eta irakaskuntza-prozesurako egokienak diren metodoak eta baliabideak. Horrez gain, Didaktika bi ikuspegietatik azter daitekeela esan dezakegu: ikuspegi estatiko eta deskribatzaile batetik, soilik aztertu egiten ditu ikasketa-irakaskuntza praktika zehatzak; ikuspegi dinamiko, aktibo eta eragile batetik, berriz, didaktikak garatu egiten ditu praktika horiek, ikasketa-prozesurako proposamenak eginez eta erabakiak hartuz, pedagogia-sistemak ezarritakoari jarraiki.
Bere baitan arlo ezberdinak biltzen ditu didaktikak, ikaslea nor den eta irakatsi beharrekoa zer den. Horrela, didaktika orokorrak ikasketa-irakaskuntza prozesu orotan jarraitu beharreko metodoak biltzen ditu.
Hainbat didaktika mota daudela ere jabetu naiz; diferentziala eta berezia. Didaktika diferentzialak ikasleen ezaugarriei eta egoerei buruz aztertzen du hezkuntzaren praktika. Didaktika bereziak, aldiz, ikasi beharreko gaiari buruz ikertzen ditu praktika zehatzak (matematikaren didaktika, esaterako). Azkenik, didaktika teknologikoak ikasketan erabilitako baliabide teknologikoak aztertzen ditu.
Didaktikaren esku-hartze guztietan irakaslea da elementurik garrantzizkoena, eta berak hartuko dituen erabakiek (curriculumaz, irakasteko objektuaz, ikasteko teoriaz, irizpide metodologikoaz...) ikasleen ikaskuntzari eta motibazioari eragingo diote, zalantzarik gabe. Halaber, bere usteak gelan hartuko dituen erabakietan ere islatuko dira, alegia, ikaskuntzaz, irakaskuntzaz, sistemaz, curriculumaz, ikasleaz eta bere formazioaz, portaeraz, motibazioaz, nortasunaz eta abarrez dituen usteak.
Jada aste batzuk igaro dira eta oraindik ez diot tarterik eskaini nire blogari. Aste Santuak ere igaro dira eta eskolan hasi gara berriro dagoeneko. Esan beharra daukat Aste Santuetan erabat deskonektatu dudala eskolarekin eta baina ondo etorri zait; izan ere, lan modularra entregatu behar genuela-eta, nahiko urduri ibili ginen azken astean. Orain, ordea, berriro martxan jarri beharra daukagu, azken txanpan baikaude! Horregatik, oraintxe blogari tartetxo bat emateko aukera ikusi dudanez, hemen nago zertxobait idazten.
Aste Santuen aurretik, Programazioarekin jardun genuen eta baita amaitu ere. Hasieran oso konplexua iruditu zitzaidan eta ez nekien nondik hasi baina ekin genuenean, gauzek lotura zutela ikusi nuen eta ez zitzaidan hain zaila egin. Konpetentziek edukiekin zuten zerikusia, edukiek ebaluazio irizpideekin ... Guztiak zuen lotura bat. Gainera, aukeratu genuen ikastetxeari buruzko informazio nahikoa genuen eta sarrera eta kokapena ere arazorik gabe burutu genituen.
Orain, ordea, Unitate Didaktiko bat egitea egokitu zaigu. Egia esan, hasieran Lorea irakasleak aipatu zigunean Programazioa eta Unitate Didaktikoa egin behar genituela, Programazioa hitzak gehiago beldurtu zidan; izan ere, zertxobait konplexuago eta luzeago bezala ikusten bainuen. Unitate Didaktiko bat egitea ez dakit nolakoa izango den ... saiatuko naiz eta ea zer moduz joaten zaidan! Hala ere, badakit oso interesgarria izango dela Unitate Didaktikoa egitea eta baita lagungarria, oposaketatan horrelako bat egin beharko baitugu.
Unitate Didaktikoa hastear ginela idatzi nuen azkenengoz, eta jadanik edukiak, helburuak eta ebaluazio irizpideak zehaztu ditugu. Programazioarekin zerikusi pixka bat duela esan dezaket, edukiak, helburuak ... ere ezarri behar direlako baina Programazioa egiteko Dekretua jarraitu genuen. Orain, berriz, guztia gure pentsamendutik ateratakoa izan behar da, guk asmatu behar ditugu helburuak, edukiak ... Horrek, alde onak ere baditu; izan ere, "copiar-pegar" egitearekin ez da ezer ikasten eta gainera, oposaketetan geuk asmatu beharko ditugu Unitate Didaktikoa eratzeko lehen aipatutako eduki, helburu ... horiek.
Hasi ginenean, erabat galduta nengoela sentitzen nuen; ez nekien nondik hasi, edukiak nola zehaztu ... eta aurrera egin nahi nuen. Edukiak, gainera, ez dira Programazioan bezalakoak: hiru eduki mota (kontzeptuzkoak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak) zehaztu behar ditugu. Baina azkenean lortu dugu aurrera egitea, eta orain egiten ari garen guztiari lotura bat ematen ari garela iruditzen zait. Edukiak ebaluazio irizpideekin dute zerikusia, helburuak ebaluazio irizpideekin eta edukiekin ...
Bi aste besterik ez zaizkigu geratzen Unitate Didaktikoa bukatzeko, eta hasiera batean ez genuela bukatuko pentsatzen nuen. Baina orain, pixkanaka aurrera goaz gure Unitate Didaktikoarekin eta ziur nago hemendik bi astetara amaitua izango dugula. Gainera, azterketan ere Unitate Didaktiko bat egin behar dugu eta horrek ere presioa suposatzen du niretzat eta taldekideentzat, oraindik ez baitakigu oso ondo nola egiten den. Baina beno, ea zer moduz joaten diren hurrengo klaseak, eta ea zertxobait aurreratzen dugun edota ideiak argiago ditugun!
Bada, Alaitz eta Maiderren Carpe Diem abestiaren zati batekin islatzen naizena:
" Geroa beti beldurtzen gaituena
ezer jakin gabe
misterioa
proiektuz betea
desioz gainezka
denborarekin
oraina bihurtuko dena."
Hasieran aipatu nuen moduan, nire hezkuntza eredu propioa eraikitzea da nire helburuetako bat lau urte hauetan, baina oraindik ez dakit ziur zein izango den. Ez dakit etorkizunean zeren aurrean topatuko naizen, baina hala eta guztiz ere, egokituko zaiten errealitatera moldatu beharko dudala ziur nago, nire pentsamenduari uko egin gabe, noski. Azken finean, haurrei heziketa egokia ematea izango da nire helburua eta baita bizitzan zehar beraien kabuz aurre egiteko gai izango diren ikasle autonomo eta kritikoak sortzea. Jarraituko dut datorren astean, nahiz eta aurki paper-zorroari amaiera eman beharko diodan.
Iritsi da astelehena. Batzuk jai dute, baina guri eskolara etortzea egokitu zaigu. Graduko lehenengo urtea amaitzear gaude eta lan asko ditugu entregatzeko: lan indibidualak, taldekakoak, lan modularraren aurkezpena ... Estres apur bat dugu gainean, baina segituan pasako da guztia. Gainera, lehengo urtekoak lortu bazuten, zergatik guk ez? Positiboak izan behar gara, nahi dugun helmugara iristeko beharrezkoa baita positiboa izatea.
Asteburuan, jarduera fisikoaren murrizketari buruzko artikulutxo bat igo dut blogera eta baita etxeko lanak bidaltzeari buruzkoa.
Lehenengoari dagokionez, zergatik murriztu behar dute jarduera fisikoa? Guztiok dakigu jarduera fisikoa beharrezkoa dela haurraren garapenerako. Erabakiak hartzen lagunduko dio, harremanak sortzen, gorputz espresioa lantzen, emozioak adierazi eta kontrolatzen. Beharrezkoa da! Gainera, testuan esaten da matematika, hizkuntzek (euskara, erdara, ingelesa...) soilik bultzatzen dutela arlo kognitiboa eta ez da horrela. Gaitasun artistiko eta emozionalak (harremanak egitea ... ) ere oso garrantzitsua da. Honako galdera hau etortzen zait burura: Nolako ikasleak nahi ditugu etorkizunean? Ez al genituen ikasle autonomo eta kritikoak nahi? Jakintza maila soilik neurtuz ez goaz inora. Haurraren gaitasunak eta beharrak ere kontuan hartu behar dira. En fin.
Bigarrenari buruz, zera diot: beti etorri izan zait burura ea egokia den edo ez irakasleek etxeko lanak bidaltzea. Batzuetan pentsatu izan dut, etxeko lanek klasean egindakoa indartzen laguntzen dutela edo eskolan amaitzeko denborarik eman ez badizu, etxean egiteko aukera ematen dizutela. Baina beste alde batetik, eskolako orduekin nahikoa dela iruditzen zait. Etxera joan eta berriro ere eskolako lanak egiten jartzeak ez ditu haurrak batere motibatzen. Beraz, aisialdi denbora murriztu behar dute etxeko lanak egiteko? Ez zait iruditzen. Gainera, etxeko lanek familia elkarbizitza gutxituko luke eta baita praktikatzen dituzten kirolak, musika eta burutzen dituzten beste hainbat ekintza.
Beste alde batetik, aurrez aipatu bezala, etxeko lanek klasean egindakoa hobetzen laguntzen dutela iruditzen zait eta baita haurrak ardurak izaten ikastea. Horrela, haur bakoitzak bere denbora planifikatzen ikasi beharko duela ere egokia iruditzen zait; batetik, etxeko lanak eta beste alde batetik, aisialdia. Hala eta guztiz ere, etxeko lanak eskolan landutakoaren oso antzekoak izan beharko dute, bestela haurrek zailtasunak izango dituzte eta beharrezkoa bada, etxean ere lagundu egin beharko zaie.
Gaurkoz nahikoa. Agur!
Maiatzak 1 iritsi da, jai dugu. Eta nola ez, nire paper-zorroaren azkenengo egunak aprobetxatzen ari naiz zertxobait gehiago idazteko. Gaur, eskola porrotaren inguruko artikulutxo bat igo dut blogera eta oso interesgarria egin zait. Izan ere, irakasle izango garenean, eskola porrotari aurre egin beharko diogu. Baina nola egin aurre? Nire ustez, eta ados nago artikuluarekin, ikasketak motibagarria izan behar du haurrentzat eta ez dira soilik eduki aspergarriak transmitituko. Era berean, metodologiak anitza izan beharko du, egoera ezberdinei aurre egiteko. Eta egoera ezberdinak esaten dudanean, aniztasunaren trataera azpimarratuko nuke. Haur bakoitzak ikasketa-erritmo ezberdinak dituela badakigu; horregatik, bakoitzaren interesak, beharrak etab. kontuan hartu behar dira eskola mota bat edo bestea emateko. Horrez gain, gurasoen parte hartzea ere funtsezkoa izango da; izan ere, nork daki haur batez bere gurasoak baino gehiago? Gurasoek eskolaz aparte haurraren beste balore batzuk ezagutzen dituzte eta horrela, haurrari buruzko informazio gehiago izaten lagunduko dute, haurrari buruzko informazio osatuago bat izaten, alegia.
Hau guztia idatzi ondoren, zera etortze zait burura: eskola porrota gertatzen bada, haurrena izango da errua? Edo eskolarena? Nola dago eskola? Zer eredu transmititzen zaie ikasleei?. Nire ustez, haurra eskolan uzten den momentutik begiratu behar da ea zerbait oker doan, edo ea gaizki jokatzen ari garen. Teoriak alde batera utzi eta zer egin dezakegun behatu behar dugu, nola lagundu dezakegun haurrak aurrera ateratzeko. Horrez gain, haurrak motibatuta bizi behar dira eta presio edo lehiakortasun hori gainetik kendu behar zaie, arduraz eta solidaritate osoaz hitz eginez. Era berea,emaitza akademikoei garrantzi gehiegi ematea izugarrizko astakeria da eta min handia egiten du; oso arriskutsua da pertsonaren balioak neurtzea nota onak ateratzen dituen edo ez epaituz. Gainera, zergatik ezin diegu hezi kamioilariak edo ile-apaintzaileak izan nahi badute? Ikasketa-maila handiagoa eskatzen duten lanak egingo dituzten haurrei soilik eman behar zaie heziketa hobea? Hori ez da horrela; izan ere, guztiek dituzte eskubide berberak eta guztiei utzi behar zaie motibatuta bizitzen.
Aurrezkoaz gain, ikasleen helburua zer da azterketak egin eta "gainditzea"? Eta elkartasuna, lankidetza, gaitasunak, errespetua? Non daude? Ez dira garrantzitsuak?
Beraz, eskola porrota noren errua da, ikaslearena ala eskolarena? Eskolaren esango nuke nik. Jarraituko dut.
Maiatzaren 3a da, eta gaur Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketei buruz hitz egin nahiko nuke. Bete beharrekoak omen dira, baina ez dakit zer egingo duten azkenean.
Ez al dira gehiegizko murrizketak? Ikasle gehiago jartzen baditugu geletan, irakasle gutxiago beharko dira irakasteko eta horrek, langabezia besterik ez du ekarriko. Horrez gain, irakasleei ere eskola-ordu gehiago jarri nahi dizkiete. Horrela, klaseak irakasle gutxiagok emango dituzte. Era berean, eskola-ordu gehiago izateak beste zenbait betekizun alde batera uzten ditu; hala nola, eskolen prestakuntza, aniztasunaren trataera ... Eta horiek, gaur egun, ezinbestekoak direla iruditzen zait. Ordezkapenak ere gaixoaldiaren lehen hamar egunetan ez dira egingo, ikastetxean dauden irakasleak arduratu beharko dira horretan. Eta ordezkapenak egiten dabiltzan irakasleak, zer? Lanik gabe. Ez ote dugu krisi egoera hau gaindituko? Gehiegizkoa da.
Maiatzak 12 iritsi da, paper-zorroaren amaiera. Jada klaseak amaitu ditugu; horregatik, paper-zorro honi ere amaiera eman beharrean aurkitzen naiz.
Bukatu dugu Programazioa, bukatu dugu Unitate
Didaktikoa eta bukatu dugu talde karpeta. Esan dezaket, hasieran nituen
beldurrak uxatu ditudala eta ezarriak nituen helburuak betetzea lortu dudala neurri batean. Orain,
gusturago sentitzen naiz, lasaiago. Baina honekin ez dugu amaitu, azterketa
falta baita. Gorago aipatu nuen moduan, Unitate Didaktiko bat egin behar dugu.
Beldur apur bat dut bai, hura burutzeko ez baitugu denbora askorik eta gainera,
ez dakit zein gai izango ditugun aukeratzeko. Baina beno, beldurrak eta
urduritasunak alde batera utzita, egingo dut, saiatuko naiz behintzat. Gainera,
beti esaten dudana, lehengo urtekoak egiteko gai izan baziren, gu ez gara gutxiago izango ezta?
Hala pentsatu nahi dut behintzat.
Didaktikan, egin beharreko beste gauza bat
honako hau zen: bloga eta horren
barnean, paper-zorroa. Blogean hainbat sarrera egin ondoren eta paper-zorroan
Didaktika ikasgaiaren inguruan izan ditudan interesgune, motibazio, kezka,
sentimendu eta abarrak kontatu ondoren,
iritsi da amaiera emateko ordua. Pena ematen dit. Nahiz eta hasiera batean
zertxobait kostatu bertan idaztea, orain gustura sentitzen naiz. Nire lagun bat
izango balitz bezala hartu dut bloga, guztia kontatu diezaiokedan lagun bat,
alegia. Barnean dudan guztia ateratzeko aukera eman dit, eta idazten dudan
bakoitzean lasaitu egiten naiz. Baina, bukatu egin behar dut.
Esan beharra daukat, aurreko hilabetean
“kaiera” egin behar izan genuen moduan, bloga ere oso tresna baliagarria
iruditu zaidala bakoitzaren ikaskuntza prozesua ebaluatzeko. Indibidualki lanak
egiteko gai naizela ere ohartzeko asko lagundu dit. Lanak taldeka egitea
ikaragarri atsegin dut eta erabat ikasten dut kideekin jardunez. Baina,
indibidualki eginiko lanek ere erabat motibatzen naute; izan ere, kaiera bukatu
nuenean, izugarrizko lana egin nuen sentsazioarekin geratu nintzen eta
garrantzitsuena, asko ikasi nuen. Blog honekin ere, sentsazio bera dut. Asko
ikasi dut eta ez bakarrik nire ideiak, sentimenduak, kezkak, iturri
ezberdinetako informazioak … kontuan hartuta, besteen blogak ere begiratu eta
irakurtzeko aukera izan dut.
Aurrekoa alde batera utzita, nire helburua
hezkuntza eredu propioa eraikitzea da eta oraindik, goian aipatu bezala, ez
daukat batere argi. Gainera, graduko lehenengo urtea da eta aurten gauza berri
asko ikasi ditudan bezala, ziur nago datozen urteetan ere asko ikasiko dudala,
ideia berri gehiago izango ditudala eta nire hezkuntza eredu propioa
eraikitzeko ideiak argiago izango ditudala.
Dena dela, ideia batzuk badabilzkit buruan:
Ikas Komunitate bat bultzatzea, ikuspegi konstruktibista jarraitzea, sortzailea
… Hala ere, teorian erraza da esatea baina praktikara eramaterako orduan zer?
Zaila suertatzen dela badakigu.
Funtzionatzen duten ereduak jarraitu behar
ditugu eta kopiatu. Informazioaren gizarte honi dagokion ikaskuntza komunitate
osoaren (irakasle, ikasle, familia, boluntario, elkarte … ) elkarrizketatik eta
elkarrekintzatik ikasten duena da. Ramon Flechak
dioen moduan, “nola lortu ikasle denak maila gorenera iristea, bat bera ere
atzean geratu gabe? Aukera bakarra dago: eskola, gizarteko mailak
erreproduzitzeko makina izan ordez, komunitatea eta gizartea eraldatzeko tresna
bihurtuta. Proiektu eraldatzaile horiek dira “ ikas komunitate” erara
egituratutako eskolak”.
Ikasle, maixu ta
familiek
osatzen dute katea
ta komeni da denak batera
bide berean joatea.
Sartu nahi duen besterik bada
zabalik dauka atea.
Gure ametsetako eskola
Ikas komunitatea!
Gure eskolak aldatzen doaz
urtez urte, aroz aro
ta berrikuntzan dihardutenak
dira gero ta gehiago.
Etorkizuneko irakasle
izango garenez klaro
hobetzen segi edo ez segi gure eskuetan dago!
osatzen dute katea
ta komeni da denak batera
bide berean joatea.
Sartu nahi duen besterik bada
zabalik dauka atea.
Gure ametsetako eskola
Ikas komunitatea!
Gure eskolak aldatzen doaz
urtez urte, aroz aro
ta berrikuntzan dihardutenak
dira gero ta gehiago.
Etorkizuneko irakasle
izango garenez klaro
hobetzen segi edo ez segi gure eskuetan dago!
Sinetsi egin behar dugu hurrengo belaunaldiko
irakasleak izango garela eta ekarpen berri bat egingo diogula hezkuntza
sistemari. Baina oraindik zaila egiten zait sinestea, etorkizuna urruti ikusten
baitut, nahiz eta badakidan konturatzerako errealitate bilakatuko dela.
Ez naiz gehiago luzatuko, beraz, listo. Amaitutzat
eman behar dut; baina ez betirako, jarraituko dut idazten, atsedenalditxo bat
besterik ez da izango.
Horrela
ba, honako galdera hau utziko dut airean: Nolako irakasle izan nahi dut
etorkizunean? Horixe da oraindik ziur ez dakidana baina lortu nahi dudana.
Beraz, 4 urte hauetan horixe bera izango da nire buruari galdetuko diodana . Ea gradua amaitzean galdera horri erantzuteko
gai izaten naizen! Oraindik zein irakasle mota izango naizen pentsatzeko, imajinatzeko,
amesteko denbora apur bat geratzen da.
…
Nire paper-zorroa gustatu zaizuelakoan, laster
arte eta ondo izan!
Leire.
Kaixo Leire, bost aste pasa dira dagoeneko zure bidaia hasi zenetik, zerekin topatu zara bidean? Horren berri jakin nahi dut!
ResponderEliminarEste comentario ha sido eliminado por el autor.
ResponderEliminarEskerrik asko zure ideiak hemen konpartitzeagatik, baina kontuz, gelan egiten denaren ingurukoa idaztearekin. Azken paragrafoetan indar pixka bat galdu du zure argudioak, gaien arteko loturak zaindu. Animo!!
ResponderEliminarAupa Leire, galdera bat, nondik atera dituzu didaktika mota horien erreferentziak? Gustatuko litzaidake horiek ere azaltzea, denek kontsultatzeko aukera izan dezagun! Eskerrik asko!
ResponderEliminar