viernes, 24 de febrero de 2012

NEUTRALA / OBJEKTIBOA

Kaixo! Lehenik eta behin neutraltasuna eta objektibotasunaren arteko ezberdintasuna azalduko dut; izan ere, klasean hainbat kasu praktiko aztertu ondoren, uste dut nahastu egiten ditugula.

Neutrala: aldaketarik eta eraginik ez dakarren eta bi gairen artean ez bataren ez bestearen alde jotzen ez duen zerbaiti dagokio. Irakasleari dagokionez, iritziak ez ematea izango litzateke eta eztabaideetan ez parte hartzea.

Objektiboa: Norberak bere aurreiritzi, sentimenduei eta iritzi pertsonalei kasurik ez egitea. Gai bati buruzko ikuspegi guztiak azaltzea eta kasu baten aurrean zuzen jokatzea datuak, frogak ... kontuan hartuta.

Bi kontzeptu hauek azaldu ondoren, Loreak honako galdera hau bota zigun klasean: Irakaskuntzan edo Hezkuntzan neutralak izan ahal gaitezke?

Nire ustez, irakasle bat neutrala izatea oso zaila da baina ahala ere, ez du zertan neutrala izan behar. Irakasleek, ikasleen antzera, iritziak emateko eskubide osoa dute baina beti ere inorengan eragin gabe, hau da, kontuan hartuta inor ez diskriminatzea eta mintzea. Baina hori oso zaila gertatzen da.

Klasean neutraltasunarekin loturiko hainbat egoera aztertu ondoren, ohartu naiz neutral izateari uzten geniola; izan ere, gai baten inguruko eztabaida batekin hasten ginenean, beste eztabaidetaera pasatzen ginen. Baina neutralitate horrek, ez liguke gure iritziak ematen utziko eta jakina da guztiok ditugula iritzi propioak edozerren inguruan.

Horregatik, iruditzen zait eta irakasleak izango garen heinean, komeni dela ahalik eta objektiboen izatea, hau da, gai baten inguruko ikuspegi ezberdinak azaltzea. Ez guri (irakasleoi) komeni zaiguna (ideologia nagusia ...) soilik. Adib: erlijio bati buruz hitz egiterakoan, erlijio mota ezberdinak azaltzea ... Nire ustez, irakasleok debateak bideratu behar ditugu, hau da, geure iritzia eman beharrean ideia ezberdinak azaldu behar ditugu. Izan ere, askotan, ikasleek beren iritziak ematen dituzte eta irakasleei ez bazaie gustatzen ... ikasleen iritziak erabat baztertzen dituzte. Beste askotan, berriz, irakasleek soilik ematen dituzte iritziak eta ez dute ikasleek diotena entzuten.

Azken finean, ikasleak kritiko izatera bultzatu nahi ditugu eta horretarako, iritziak eraikitzen lagundu behar zaie, beraien pentsatzeko modua libreki utziz.

Amaitzeko, esan beharra daukat, hau dena idatzi ondoren galdera bat etorri zaidala burura: Zer da hobeagoa, irakaslea neutrala izatea edo objektiboa??


jueves, 16 de febrero de 2012

DEFINIZIOAK

HEZKUNTZA - KULTURA - GIZARTERATZEA

Hezkuntza, kultura eta gizarteratzeaz klasean jardun eta hauen arteko loturak aztertu ondoren, hauek definitzea eskatu digu irakasleak. Beraz, hainbat definizio irakurri eta gero, honela laburbilduko nituzke:

Hezkuntza: Norbanakoan ematen den prozesu bat da, non subjektuaren baitan esku hartzen den hori hobetzeko eta perfekzionatzeko asmoz, gizakiek kolektiboki onartuta dituzten eredu sozial batzuei dagokienez.

Kultura: Kultura gizakiak gizarteko kide izateko bereganatzen dituen ezagutzak, morala, legeak, eta beste hainbat gaitasun biltzen dituen prozesua izango litzateke, ikaskuntza sozialaren bidez transmitituko dena pertsona edo gizakien artean.

Gizarteratzea: Gizabanakoak gizarte baten kultura berenganatzen edo barneratzen dueneko prozesua da.
Gizabanakoa gizarte horretan bizitzeko prestatzen da, sozializatzen da, bere taldearen kultura berenganatzen (ideak, balioak, ezagutzak ... ) duen neurrian.

Hortaz, laburbilduz, zera esan daiteke: Hezkuntza eta kulturak ahalbidetzen dutela gizarteratzea. Izan ere, hezkuntza garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna dugu; kultura, berriz, giza taldea inguratzen duen prozesu bat izango da eta azkenik, gizarteratzea prozesu horretan sartzeko baliabidea (modu, era ... ) izango da.

domingo, 5 de febrero de 2012

Zein hezkuntza eremu?

Kaixo guztioi!

Gaur irakasle izatean zein hezkuntza eremutan jardutea gustatuko litzaidakeen azalduko dut.
Haur Hezkuntzako gradu hau amaitzean, eskola batean hasi nahiko nuke irakasten, eta bereziki, eskola txiki batean. Ikasle talde txikiak atsegin ditut baina horrek ez du esan nahi soilik eremu formalean aritu nahi dudanik; izan ere, nire ustez, eremu ez formalean aritzea ere garrantzitsua da. Hau da, nire ustez, hezkuntza formalak eta ez formalak osagarriak izan behar dute. Horrekin esan nahi dudana da, eskoletan ematen den heziketaz (hezkuntza formala) eta gizarte eragileek, komunikabideek, eskolaz kanpoko ekintzek ... (hezkuntza ez formala), osagarriak izan behar dutela. Edukiez gain, auzolanean nahiz bata bestearekin, elkarrekin, parte hartuz ... lan egitea ere interesgarria da. Horrela, zure ezagutzak konpartitzen dituzu besteenak ere bereganatuz.

Gaur egun, ikasleek dituzten ezaguera horiek kokatzen, zabaltzen, eguneratzen ... lagundu behar da. Horretarako kontuan hartu behar dira hurrengo lau oinarriak: ezagutzen ikastea, elkarbizitzen ikastea, egiten ikastea eta batez ere, izaten ikastea.

Hezkuntza sisteman, elkarlana bultzatu behar dela pentsatzen dut; taldeka lan egin behar dute ikasleek eta ikasleen formazioa praktikaren hausnarketan oinarritu behar da. Ekintza aktiboak bultzatu behar dira; horrela, haurraren garapena bultzatuko da eta konpetentzia ezberdinak bereganatuko ditu, ikaskuntza ezberdinak eta ezagutzen arteko erlazioak barneratuz. Azken finean, gaur egun, ikasleen autonomia, gaitasunak, ezagutzak ... bultzatu nahi dira.


Horregatik, nik etorkizunean hezkuntza formala eta ez formala biak lantzea dut helburu; izan ere, ikastetxe batean aritu nahi dut, baina ahala eta guztiz ere, elkarlana bultzatu nahi dut eta baita ekintza aktiboa ere. Horregatik, beharrezkoa bada, ikasleek ikastetxetik kanpo ere ekintza ezberdinak burutzea proposatuko dut eta noski, taldeka jardutea, parte hartzea eta ikerketa bultzatuz beti ere. Beraz zera ondorioztatu dut: biak direla beharrezkoak ikaslearen prestakuntza eta formaziorako.  


IKASKETA PROZESUKO BIZIPENAK

Aupa guztioi!Nire lehen sarrera denez, lehenik eta behin eta tituluan dioen moduan, nire ikasketa prozesuko bizipenak azalduko dizkizuet era laburrean. Modu honetan, ni ere zertxobait ezagutzeko aukera izango dezute.

3 urte nituela hasi nintzen Zizukilgo San Millan ikastetxean. Ikastetxe hau eskola txiki bat da eta bertan ez ginen 52 haur baino gehiago. Horrekin zera esan nahi dut: guztiok elkar ezagutzen genuela eta oso ondo moldatzen ginela elkarrekin. Horrez gain, adin ezberdineko ikasleak geunden gela berean.
Ikastetxe horretan, 12 urte arte egon nintzen; izan ere, hortik DBH 4-ra arte, hau da, 16 urtera arte, Erniobea (Amasa-Billabona) institutuan ikasi nuen. Bertan, esan beharra daukat, aldaketa handia izan zela niretzat, jende gehiago ezagutu bainuen eta azterketa gehiago egiten bainituen. Geletan ere, ikasle kopuru handiagoa zen, oso ezberdina zen nire lehenengo eskolarekin alderatuz. Horrez gain, ikasketari dagokionez, denbora gehiago eskaintzen nion ikasteari haur edo lehen hezkuntzan baino.


Gero, Batxillergoa egitera Orixe (Tolosa) Institutura joan nintzen eta bertan egon nintzen bi urtez. Han ere jende gehiago ezagutu nuen. Han ez nuen aldaketa handirik sumatu, baina bat aipatzekotan, azterketena aipatuko nuke; izan ere, han azterketa guztiak 4 egunetan eta jarraian egiten zenituen. Era beren, selektibitatea bertan genuenez, inplikazio handia eskatu zidan ikasterako orduan baina inplikazio horrek ondorio positiboak izan zituen; izan ere, Haur Hezkuntzako gradua egiteko aukera izan dut.

Orain, Donostiako Unibertsitatean nago magisteritza ikasten. Betidanik gustatu izan zaizkit haurrak eta aspalditik dabilkit buruan etorkizun batean irakasle izatea. Ea lortzen dudan!