sábado, 12 de mayo de 2012

Iritsa da udara eta iritsi dira oporrak!

Dagoneko bukatu dugu kurtsoko lehenengo urtea, eta zein azkar gainera! Udara iritsi zaigu eta berarekin batera oporrak, deskantxatzeko egunak. Baina oporrak ere, kurtsoa bezala azkar igaroko dira. Beraz, ondo pasa eta aprobetxatu!



KURTSOA BUKATU DA
APURKA, APURKA
JADA BUKATU ZAIO
ARKATZARI PUNTA.
EA JASOTZEN DEGUN
EREINAREN UZTA,
TA OPOR ONAK PASA
ESKOLA AHAZTUTA.
DATORKIGUN UDARA
MEREZI DEGU-TA!





miércoles, 9 de mayo de 2012

PSIKOMOTRIZITATE-SAIOA

Bideo honetan, ni eta beste bi kidek prestatutako psikomotrizitate-saioa bat azaltzen da. Gelako beste bi ikaskideei ikusi nien bideoa blogera igo zutela, eta egia esan, oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan.

Ordubeteko saio bat prestatu behar genuen eta horretarako, goiz batean hirurak bildu ginen eskolako ikasle gelan. Saioari istoria moduko bat eman nahi izan genion, haurrak hasieratik istorian sartuak egoteko eta nolabaiteko motibazioa pizteko. Hirurak genituen jokuen inguruko ideiak azaldu genizkion elkarri eta ondoren, banatu egin genituen saioan bakoitzak zegozkion jokoak azaltzeko.

Esan beharra dago, gure psikomotrizitate-saioa mugimendua, oreka eta koordinazioa lantzeko prestatu genuela. Lateralitatea eta bestelako gaiak ere landu ditugu baina dakigunez, saioetan gerta liteke guztiak latzeko astirik ez izatea. Horregatik, hiru atal horiek soilik lantzea erabaki genuen. Horrez gain, helburu garrantzitsu bezala, ikasleak dibertitzea izan zen, ariketa aspergarri eta konplexuak alde batera utziaz.


Bestalde, aurkezpenari dagokionez, hasiera batean urduritasuna nabaritzen genuen, ez baikenekien ariketak ondo azaldu eta ulertuko zituzten. Horregatik, poliki eta adibideak eginez azaldu genituen ariketa guztiak. Adibideak egite hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait; izan ere, haurrek errazago ulertzen edo ikasten dute imitazioaren bidez. Era berean, ariketa bakoitzean oso adi egon behar izan ginela ere aipatu beharra dago, denbora (noiz hasi, noiz amaitu ... ) eta antolakuntzari (taldeak egin, materiala prestatu ... ) arreta jarriz.

Amaitzeko, esan oso esperientzia atsegina izan zela eta oso gustura sentitu ginela. Gainera, teorian emandakoa praktikara eramateko aukera ematen du eta etorkizunean irakasle izateko prestatzen ere laguntzen du.



miércoles, 2 de mayo de 2012

Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketak

1. Ikasleen kopurua. Ikasgeletan ikasle gehiago jarriko dituzte, orain baino %20 gehiago. LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoak aurreikusitako ikasleen kopuruarekiko egin dute kalkulua: Lehen Hezkuntzan 30 ikasle pilatu ahalko dituzte talde berean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 36. EAEn gehienezko kopuru bera dago indarrean LHn eta DBHn (25 ikasle), eta, %20 handituta, 30 egon ahalko dira gehienez. Neurri horrekin talde gutxiago izango dira eskoletan, eta irakasle gutxiago beharko dira.

2. Irakasleen eskola orduak. Nafarroan ikasturte honetan egindakoa handitu nahi du Espainiako Gobernuak: eskola ordu gehiago jarri irakasleei, hartara maisu-maistra gutxiagorekin eskolak eman ahal izateko. Lehen Hezkuntzan 25 eskola ordu izango dituzte irakasleek, eta DBHn, 20. Eskolak prestatzeko, aniztasun programetarako eta era horretako lanetarako denbora gutxiago izango dute irakasleek.

3. Ordezkapenak. Gaixoaldiaren lehen hamar egunetan ordezkapenik ez egitea jarri du mahai gainean Madrilek. Egun horietan, eskolan dauden maisu-maistren artean moldatu beharko dute. Gaur egun, hiru egunen ostean egin behar dira, teorian.

4. Lanbide Heziketako moduluak. Bi mila orduko moduluak ez dituzte abian jarriko Lanbide Heziketan. 2013-14ko ikasturtera arte atzeratu dituzte, baina Wertek adierazi du litekeena dela ordurako erreformak eginda egotea (Lanbide Heziketa aldatzeko asmoa du ministerioak).

5. Osagarriak. Irakasleen lan osagarri eta bestelako lansari berriak sortzea debekatu egin du Espainiako Gobernuak.

6. Batxilergoa. Modalitate bat baino gehiago eskaintzeko derrigortasuna kenduko diete institutuei. Bat siolik eskaini ahalko dute,..

Ez al dugu krisi egoera hau gaindituko? Hezkuntzaren inguruan proposaturiko murrizketa hauekin ez behintzat.

martes, 1 de mayo de 2012

Nola egin aurre eskola porrotari?

Mikel Garcia-k idatzitako artikulu honetan, eskola porrotari nola aurre egin diezaiokegun azaltzen du.
Jakina da, haurrek ikasketa-erritmo ezberdinak dituztela eta beraz, kontuan hartu behar direla haur bakoitzaren interesak, beharrak ...

Era berean, ikasketak erabat motibagarria izan beharko du; haurrei interesatzen zaizkien gaiak landuko dira, galdera interesgarriak egingo zaizkie, material ezberdina erabiliko da ... Ez dira eduki aspergarri eta nekagarriak transmitituko, horrela ez baitira motibatzen eta ez baitute interesik jartzen ikasketa-prozesuan.

Horrez gain, gurasoen parte hartzea ere ezinbestekoa izango da; izan ere, gurasoak inor baino hobeto ezagutzen dituzte beraien haurrak eta beraien haurren sentimendu, kezka, interesguneak ... Horrela, haurrari buruzko informazioa gehigarri bat emango diote irakasleari edo haurrari buruzko informazioa oso bat izaten lagunduko dute.

Baina hau guztiarekin etortzen zaidan galdera honakoa da: Irakasleen prestakuntza (kalitatea, proiektuak ... ) garrantzitsua da? Edo prestakuntzarik gabe ere egin diezaiokegu aurre aniztasunari? Azken finean, lagunduz ere ikasten da ezta?

http://argia.com/erredakzio-mahaia/mikel-garcia/2009/09/25/nola-egin-aurre-eskola-porrotari/

Gurasoek honi buruz dituzten iritziak ere oso interesgarriak iruditu zaizkit; izan ere, horri buruzko iritzi ezberdinak ikusi ditzazkegu, nahiz eta gehienen ustez, eskola porrotaren kausa eskolatik datorren eta ez ikasletatik. Azterketak direla eta, soilik "gainditzea" hartzen da kontuan eta ez dira errespetua, lankidetza eta bestelako balorerik kontuan hartzen. Presio eta leihakortasuna gainetik kentzen lagundu behar zaie haurrei eta solidaritatez hitz egin behar zaie.

Beraz, zuek ere gurasoen iritzi ezberdin horiek irakurtzeko aukera izan dezazuen, jarraian duzue artikulotxoa:

http://www.argia.com/argia-astekaria/2199/eskola-porrota



domingo, 29 de abril de 2012

Etxeko lanak bai edo ez?

Beti galdetu izan diot nire buruari etxeko lanak bidaltzea egokia den ala ez. Oraindik ez dakit.  Batetik, iruditzen zait egokiak direla eskolan emandakoa indartzeko baina bestetik, ez dira nahikoak eskolan egiten dituzten orduak? Aisialdia ere behar dute haurrek beren garapen prozesua egokia izan dadin. Zer diozue zuek?

http://www.etorkizuna.eu/?p=986

Murrizketak ariketa fisikoari.

Gorputza eta ahalmen fisikoak lantzeko, norberaren autonomia, ekimenerako gaitasuna, sozializazioa… bultzatzeko, funtsezko jarduera da gorputz hezkuntza. Baina EAEko hezkuntza curriculumak %40 murriztu ditu gorputz hezkuntzari eskainitako eskola orduak. Zergatik murriztu behar dute garrantzitsua bada? Jarraian ezarri dudan linkan horri buruzko informazio zehatzagoa ageri da. Zuen iritzia jakin nahiko nuke bide batez.

http://www.argia.com/argia-astekaria/2305/gorputz-hezkuntza/inprimatu

miércoles, 7 de marzo de 2012

Hezkuntza Lehen eta Orain

Hemen daukazuen link honetan, collage bat agertuko zaizue lehen zegoen hezkuntza oraingoarekin alderatzen duena. Argazki asko agertzen dira baina guztiak egokiak iruditu zaizkigu hezkuntzak izan dituen aldaketak isladatzeko. Errekurtsoak, metodologia, ikasleak, irakasleak, ebaluazioa ... asko aldatu dira. Ez zaizue iruditzen hezkuntza sistema berritzen doala? Aspektu horietan eta collage-a ikusi ondoren, baietz esango nuke. Azken finean, haurrei heziketa egokia ematea da helburua.

http://maiteleireamaia.edu.glogster.com/glog/

viernes, 24 de febrero de 2012

NEUTRALA / OBJEKTIBOA

Kaixo! Lehenik eta behin neutraltasuna eta objektibotasunaren arteko ezberdintasuna azalduko dut; izan ere, klasean hainbat kasu praktiko aztertu ondoren, uste dut nahastu egiten ditugula.

Neutrala: aldaketarik eta eraginik ez dakarren eta bi gairen artean ez bataren ez bestearen alde jotzen ez duen zerbaiti dagokio. Irakasleari dagokionez, iritziak ez ematea izango litzateke eta eztabaideetan ez parte hartzea.

Objektiboa: Norberak bere aurreiritzi, sentimenduei eta iritzi pertsonalei kasurik ez egitea. Gai bati buruzko ikuspegi guztiak azaltzea eta kasu baten aurrean zuzen jokatzea datuak, frogak ... kontuan hartuta.

Bi kontzeptu hauek azaldu ondoren, Loreak honako galdera hau bota zigun klasean: Irakaskuntzan edo Hezkuntzan neutralak izan ahal gaitezke?

Nire ustez, irakasle bat neutrala izatea oso zaila da baina ahala ere, ez du zertan neutrala izan behar. Irakasleek, ikasleen antzera, iritziak emateko eskubide osoa dute baina beti ere inorengan eragin gabe, hau da, kontuan hartuta inor ez diskriminatzea eta mintzea. Baina hori oso zaila gertatzen da.

Klasean neutraltasunarekin loturiko hainbat egoera aztertu ondoren, ohartu naiz neutral izateari uzten geniola; izan ere, gai baten inguruko eztabaida batekin hasten ginenean, beste eztabaidetaera pasatzen ginen. Baina neutralitate horrek, ez liguke gure iritziak ematen utziko eta jakina da guztiok ditugula iritzi propioak edozerren inguruan.

Horregatik, iruditzen zait eta irakasleak izango garen heinean, komeni dela ahalik eta objektiboen izatea, hau da, gai baten inguruko ikuspegi ezberdinak azaltzea. Ez guri (irakasleoi) komeni zaiguna (ideologia nagusia ...) soilik. Adib: erlijio bati buruz hitz egiterakoan, erlijio mota ezberdinak azaltzea ... Nire ustez, irakasleok debateak bideratu behar ditugu, hau da, geure iritzia eman beharrean ideia ezberdinak azaldu behar ditugu. Izan ere, askotan, ikasleek beren iritziak ematen dituzte eta irakasleei ez bazaie gustatzen ... ikasleen iritziak erabat baztertzen dituzte. Beste askotan, berriz, irakasleek soilik ematen dituzte iritziak eta ez dute ikasleek diotena entzuten.

Azken finean, ikasleak kritiko izatera bultzatu nahi ditugu eta horretarako, iritziak eraikitzen lagundu behar zaie, beraien pentsatzeko modua libreki utziz.

Amaitzeko, esan beharra daukat, hau dena idatzi ondoren galdera bat etorri zaidala burura: Zer da hobeagoa, irakaslea neutrala izatea edo objektiboa??


jueves, 16 de febrero de 2012

DEFINIZIOAK

HEZKUNTZA - KULTURA - GIZARTERATZEA

Hezkuntza, kultura eta gizarteratzeaz klasean jardun eta hauen arteko loturak aztertu ondoren, hauek definitzea eskatu digu irakasleak. Beraz, hainbat definizio irakurri eta gero, honela laburbilduko nituzke:

Hezkuntza: Norbanakoan ematen den prozesu bat da, non subjektuaren baitan esku hartzen den hori hobetzeko eta perfekzionatzeko asmoz, gizakiek kolektiboki onartuta dituzten eredu sozial batzuei dagokienez.

Kultura: Kultura gizakiak gizarteko kide izateko bereganatzen dituen ezagutzak, morala, legeak, eta beste hainbat gaitasun biltzen dituen prozesua izango litzateke, ikaskuntza sozialaren bidez transmitituko dena pertsona edo gizakien artean.

Gizarteratzea: Gizabanakoak gizarte baten kultura berenganatzen edo barneratzen dueneko prozesua da.
Gizabanakoa gizarte horretan bizitzeko prestatzen da, sozializatzen da, bere taldearen kultura berenganatzen (ideak, balioak, ezagutzak ... ) duen neurrian.

Hortaz, laburbilduz, zera esan daiteke: Hezkuntza eta kulturak ahalbidetzen dutela gizarteratzea. Izan ere, hezkuntza garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna dugu; kultura, berriz, giza taldea inguratzen duen prozesu bat izango da eta azkenik, gizarteratzea prozesu horretan sartzeko baliabidea (modu, era ... ) izango da.

domingo, 5 de febrero de 2012

Zein hezkuntza eremu?

Kaixo guztioi!

Gaur irakasle izatean zein hezkuntza eremutan jardutea gustatuko litzaidakeen azalduko dut.
Haur Hezkuntzako gradu hau amaitzean, eskola batean hasi nahiko nuke irakasten, eta bereziki, eskola txiki batean. Ikasle talde txikiak atsegin ditut baina horrek ez du esan nahi soilik eremu formalean aritu nahi dudanik; izan ere, nire ustez, eremu ez formalean aritzea ere garrantzitsua da. Hau da, nire ustez, hezkuntza formalak eta ez formalak osagarriak izan behar dute. Horrekin esan nahi dudana da, eskoletan ematen den heziketaz (hezkuntza formala) eta gizarte eragileek, komunikabideek, eskolaz kanpoko ekintzek ... (hezkuntza ez formala), osagarriak izan behar dutela. Edukiez gain, auzolanean nahiz bata bestearekin, elkarrekin, parte hartuz ... lan egitea ere interesgarria da. Horrela, zure ezagutzak konpartitzen dituzu besteenak ere bereganatuz.

Gaur egun, ikasleek dituzten ezaguera horiek kokatzen, zabaltzen, eguneratzen ... lagundu behar da. Horretarako kontuan hartu behar dira hurrengo lau oinarriak: ezagutzen ikastea, elkarbizitzen ikastea, egiten ikastea eta batez ere, izaten ikastea.

Hezkuntza sisteman, elkarlana bultzatu behar dela pentsatzen dut; taldeka lan egin behar dute ikasleek eta ikasleen formazioa praktikaren hausnarketan oinarritu behar da. Ekintza aktiboak bultzatu behar dira; horrela, haurraren garapena bultzatuko da eta konpetentzia ezberdinak bereganatuko ditu, ikaskuntza ezberdinak eta ezagutzen arteko erlazioak barneratuz. Azken finean, gaur egun, ikasleen autonomia, gaitasunak, ezagutzak ... bultzatu nahi dira.


Horregatik, nik etorkizunean hezkuntza formala eta ez formala biak lantzea dut helburu; izan ere, ikastetxe batean aritu nahi dut, baina ahala eta guztiz ere, elkarlana bultzatu nahi dut eta baita ekintza aktiboa ere. Horregatik, beharrezkoa bada, ikasleek ikastetxetik kanpo ere ekintza ezberdinak burutzea proposatuko dut eta noski, taldeka jardutea, parte hartzea eta ikerketa bultzatuz beti ere. Beraz zera ondorioztatu dut: biak direla beharrezkoak ikaslearen prestakuntza eta formaziorako.  


IKASKETA PROZESUKO BIZIPENAK

Aupa guztioi!Nire lehen sarrera denez, lehenik eta behin eta tituluan dioen moduan, nire ikasketa prozesuko bizipenak azalduko dizkizuet era laburrean. Modu honetan, ni ere zertxobait ezagutzeko aukera izango dezute.

3 urte nituela hasi nintzen Zizukilgo San Millan ikastetxean. Ikastetxe hau eskola txiki bat da eta bertan ez ginen 52 haur baino gehiago. Horrekin zera esan nahi dut: guztiok elkar ezagutzen genuela eta oso ondo moldatzen ginela elkarrekin. Horrez gain, adin ezberdineko ikasleak geunden gela berean.
Ikastetxe horretan, 12 urte arte egon nintzen; izan ere, hortik DBH 4-ra arte, hau da, 16 urtera arte, Erniobea (Amasa-Billabona) institutuan ikasi nuen. Bertan, esan beharra daukat, aldaketa handia izan zela niretzat, jende gehiago ezagutu bainuen eta azterketa gehiago egiten bainituen. Geletan ere, ikasle kopuru handiagoa zen, oso ezberdina zen nire lehenengo eskolarekin alderatuz. Horrez gain, ikasketari dagokionez, denbora gehiago eskaintzen nion ikasteari haur edo lehen hezkuntzan baino.


Gero, Batxillergoa egitera Orixe (Tolosa) Institutura joan nintzen eta bertan egon nintzen bi urtez. Han ere jende gehiago ezagutu nuen. Han ez nuen aldaketa handirik sumatu, baina bat aipatzekotan, azterketena aipatuko nuke; izan ere, han azterketa guztiak 4 egunetan eta jarraian egiten zenituen. Era beren, selektibitatea bertan genuenez, inplikazio handia eskatu zidan ikasterako orduan baina inplikazio horrek ondorio positiboak izan zituen; izan ere, Haur Hezkuntzako gradua egiteko aukera izan dut.

Orain, Donostiako Unibertsitatean nago magisteritza ikasten. Betidanik gustatu izan zaizkit haurrak eta aspalditik dabilkit buruan etorkizun batean irakasle izatea. Ea lortzen dudan!